
Trenbideko gurpilen higadura funtsezko erronka da trenbide-industrian, eta ondorio ekonomiko eta ingurumenekoak ditu. Kaltetutako gurpilak ordezteak kostu handiak eta sektorearen jasangarritasunean eragin nabarmena ditu. Testuinguru horretan, fabrikazio gehigarriko teknologien bidezko berreskurapena irtenbide berritzaile eta eraginkor gisa aurkezten da.
Lan honek laser eta hari metalikoaren zuzeneko ekarpenaren teknologiarekin (Direct Energy Deposition with Laser Beam and Metal wire/DED-LB/M wire) estaliz trenbide-gurpilak berreskuratzeko garapenak eta aurrerapenak aurkezten ditu. Teknika horri esker, ahalik eta eragin termiko gutxien duten gainazaletan materiala jar daiteke, lotura eraginkorra ahalbidetuz eta, aldi berean, oinarrizko materialaren osotasuna mantenduz. Gainera, hari metalikoa ekarpen-material gisa erabiltzeak prozesuaren eraginkortasuna hobetzen du, eta kostuak murrizten ditu hautsetan oinarritutako beste soluzio batzuen aldean.
Orain arte lortutako emaitzek agerian uzten dute DED-LB/MWk trenbideko gurpilen bizitza baliagarria luzatzeko duen ahalmena, dagokion araudia betetzen dela bermatuz. Teknologia hori industriarako alternatiba bideragarria eta iraunkorra da, ekonomia zirkularraren eta mantentze aurreratuaren printzipioekin bat datorrena.